bidasoamedia bidasoamedia

Premiazko bilketa kanpaina abian jarri du Hondarribia-Katsikas taldeak

elkartasuna

Material bilketa azkar bat egingo du Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak, urtarrilaren 31n, otsailaren 1ean eta 2an. Haien helburua da, Siriako azken bonbardaketen ondorioz ihesean atera diren milaka familiak laguntzea. "Bonbardaketen ondorioz korrika eta etxetik deus hartu gabe atera behar izan dira Siriako iparraldera", azaldu dute arduradunek.

Madrilgo Olvidados GKEaren bitartez Siriara eramango dute laguntza partida, euriari eta hotzari aurre egin ahal izateko materialarekin . Urgentziazko deialdia izanik ere, iheslari eta errefuxiatuen duintasuna bermatzearren, ematen den materiala berria edo gutxi erabilia izan dadin eskatu dute, edozein kasuetan garbia egon behar du. Hiru egunetan, Hondarribiko Puntaleko eskola zaharreko egoitzan hartuko dute materiala.

Uretarako plastikozko kapak edo xira modukoak, katiuskak, gomazko kalotxa edo zuekoak (Croqs erakoak), termoak, aterkiak, lotarako zakuak eta aislanteak (lurrean jartzeko esterilak) eskatu dituzte, bereziki. Diruz lagundu nahi duenarentzat, ondorengo kontu korronte zenbakia jarri dute eskura: ES43 2095 5039 90 9116701973.