bidasoamedia bidasoamedia

Puente Genil aurkari zuzena mendean hartu du Bidasoak

BIDASOA 27-23 PUENTE GENIL

BIDASOA: Ledo, Crowley (5), Kauldi (5), Renaud (1), Salinas (4), Popovic (1), Lancina (1). Zubiria, Rangel, Cavero (2), Vázquez, Beltza, Nonó (5), Serrano, Azkue (3), Redondo.

PUENTE GENIL: De Hita, Moyá (1), Cuenca (2), Muñoz (2), Rudovic (1), Vázquez (2), Domenech (4). Oliva, Costa, Jiménez (5), Bujalante, Moyano (3), Rhevin, Moreira (3), Porras.

MARKAGAILUA: 1-2, 5-3, 8-4, 9-6, 10-8, 14-11 (atsedenaldia); 16-13, 17-16, 20-19, 23-22, 24-23, 27-23.

Bolada ona luzatu du Bidasoak. Azken zortzi puntuetatik zazpi lortu ditu, azken biak larunbatean, Puente Genilen aurka, Artaleku kiroldegian. Aurkari zuzen batekiko abantaila handitzeko abagunea zuen etxeko taldeak, eta ez zuen alferrik galdu. Lanak eman zizkion talde andaluziarrak, hala ere, azken txanpara arte, neurketa parekatua izan baitzen.

Erasoan nahi baino gehiago huts eginez hasi zen Bidasoa, lehen bost erasoetan behin bakarrik amaitu zuelako baloiak sarean. Defentsako lana hobetuta, kontraerasoan topatu zuen Irungo taldeak arerioari min egiteko modua. 1-2tik 6-3ra pasa zen markagailua, eta hutsartea eskatu behar izan zuen Puente Genilek.Andaluziarrek hobera egin zuten ondoren, baina atsedenaldian, hiru goleko errenta zuen Bidasoak (14-11).

Bigarren zatian beste pauso bat eman zuen Puente Genilek, markagailua orekatzeraino. Behin baino gehiagotan lortu zuen berdinketa. Abantaila hartzeko aukera bat baino gehiago ere eduki bazuen ere, ez zuen lortu. Bost minutu falta zirela 24-23koa sartu zuen Salinasek, eta gainera, Domenech kanporatu zuen epaileak, bi minutuz. Azken minutuak ondo kudeatu zituen Bidasoak, bi puntuak eskuratzeko.