bidasoamedia bidasoamedia

Raquel Calvo da Asexora-T zerbitzuko hezitzaile eta sexologo berria

Raquel Calvo da Asexora-T sexu-hezkuntza zerbitzuko hezitzaile eta sexologo berria. Martindozenea Gaztelekuan hilabete bakoitzeko azken ostegunean 17:00etatik 20:00etara aholkularitza zerbitzua kudeatzen du gazteen galderak erantzun edo bitxikeriak konpartitzeko.

Nola jasotzen dituzue gazteen kontsultak? Zerbitzuan lanean nagoenetik kontsulta gehienak era presentzialean egiten dituzte gazteek.

Zein adin-tartekoak izan ohi dira kontsultak egin dituzten gazteak? 11 eta 17 urte bitarte izan ohi dituzte Martindozenea Gaztelekuko zerbitzuko erabiltzaile gehienek. Bestetik, 18 eta 25 urte arteko erabiltzaileak dauzkagu ere, nahiz eta adin-tarte horretako gazteen kontsulta gutxiago egiten dituzten.

Zeintzuk dira gehien errepikatzen diren galderak? Gazteenen artean lehen muxua eta lehen harremanen inguruko zalantzak dira ohikoenak, anatomia eta genitalen kanpoko atalen inguruko galderez gain. Helduagoek, berriz, antisorgailuen inguruko zalantzak izan ohi dituzte batez ere, baina, aniztasun sexualarekin loturiko kontzeptuak bereizteko zailtasun handiak daudela antzematen dugu.

“Aniztasun sexualarekin loturiko kontzeptuak bereizteko zailtasun handiak daudela antzematen dugu”

Nondik jasotzen dute egungo gazteek sexualitatearekin loturiko informazioa? Internet edo telebistaren bitartez, batez ere. Interneten kasuan, gazte askok pornografia erabiltzen dute informazio iturri moduan.

Zein lotura dago sare sozial eta sexu-hezkuntzaren artean? Informazio oso ona dagoen arren, kasu gehienetan, arreta deitzen dien informazioa morboarekin loturik egon ohi da eta, ondorioz, osasungarria izan daitekeen informaziotik urruntzen dira askotan.

Gizartean sexualitatearen gaiaren inguruko tabua desagertu da? Ez, sare sozialak eta interneti esker informazio gehiago dagoen arren, sexu harremanen inguruan era naturalean hitz egiteko tabuak hor jarraitzen du.

Azkenaldian izandako HIESa kasuetan gorakada desinformazioarekin loturik dago?

Gaixotasunaren inguruko informazio egokia jasotzen ez delako izan daitekeela uste dut. Hau da, guri ere gerta dakigukeela ulertzen ez dugun arte ez da geldituko. Deigarria da Euskadin gonorrea eta sifilis kasuak seikoiztu direla ikustea.

“Deigarria da Euskadin gonorrea eta sifilis kasuak seikoiztu direla ikustea”

Tailer berezituak ere antolatzen dituzue ez?

Tailerren bitartez sexu-hezkuntzaren inguruko zertzelada ezberdinak lantzen saiatzen gara, era informalagoan, eta joko ezberdinen bitartez gaia kalera ateratzen dugu. Azaroaren 16ean 18-25 urte bitarteko gazteei informazioa era dibertigarrian emateko tailer bat antolatu genuen eta abenduan, berriz, nerabeen gurasoei zuzenduriko tailer bat antolatzeko asmoa dugu.