bidasoamedia bidasoamedia

Saharar herriarekiko konpromisoa berresteko adierazpen instituzionala adostu du Irungo Udalak

eskubideak

40 urte beteko dira otsailaren 27an, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Irungo Udalak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez. Saharar herriarekiko duen “konpromisoa” berretsi nahi izan du. Adierazpenean, RASDren gobernu legitimoa, Fronte Polisarioa eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidea defendatu ditu.

Zenbait eskaera luzatu ditu Irungo Udalak. Espainiako Gobernuari eskatu dio Fronte Polisarioan dagoen Espainiako ordezkariari estatus diplomatikoa emateko: «Bera da Saharako herriaren ordezkari bakar eta legitimoa, NBEk hala aitortua». Bestalde, duen erantzukizun historikoa kontuan hartuta, behar bezain beste ekintza politiko gauzatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Marokoko agintariei, berriz, Irungo Udalak eskatu die bertan behera uzteko saharar aktibistei egiten dieten jazarpena, eta preso politikoak aske uzteko. Aljerian dagoen Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan dauden sahararrei laguntza emateko konpromisoa berretsi die Irungo Udalak, eta eskertu egin du euskal gizarteak duen eskuzabaltasuna.

Bide batez, Irungo Udalak gogorarazi du urrian izandako uholdeek Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan kalteak eragin zituztela. 90.000 baino gehiago dira kaltetuak, eta 25.000 inguruk galdu dute haien etxean.