bidasoamedia bidasoamedia

SAIOA LOPEZ BRIONES, dantzari profesionala: “Askoz irekiagoa naiz orain, artista gisa”

Oso gazte hasi zuen ibilbide profesionala, eta dagoeneko, eskarmentu handia du dantzaren munduan. Madril eta New York artean bizi izan da azken urteotan, baina pixkanaka, hanka bat jaioterrian kokatu nahi luke Saioa Brionesek (Irun, 1985). Bertan eman zituen lehen urratsak, eta etorkizuna ere Irunen irudikatzen du dantzariak. Bere esperientzia guztia Irungo hasiberrien artean zabaldu nahi luke. Oso gazte hasi zuen ibilbide profesionala, eta dagoeneko, eskarmentu handia du dantzaren munduan. Madril eta New York artean bizi izan da azken urteotan, baina pixkanaka, hanka bat jaioterrian kokatu nahi luke Saioa Brionesek (Irun, 1985). Bertan eman zituen lehen urratsak, eta etorkizuna ere Irunen irudikatzen du dantzariak. Bere esperientzia guztia Irungo hasiberrien artean zabaldu nahi luke.

Irunen hasi zinen dantzan?

Bai, txikitatik aritu izan naiz dantzan, batez ere amaren eraginez. Berak dantza egin izan du beti. Beraz, ni ere dantza klaseekin hasi nintzen txiki-txikitan, eta pianoarekin ere bai.

Donostiara joan nintzen eskolara, baina institutuko azken bi urteak Irunen egin nituen. Mutilekin elkartu nintzen orduan, lehen aldiz. Irungo Udal Dantza Kontserbatorioan ibili nintzen bitartean, Sonia del Barrio irakaslearekin.

17 urterekin Madrilera joan zinen. Nola animatu zinen, horren gazte?

Selektibitatea egin nuen, eta gogoan dut elkarrizketa garrantzitsua eduki nuela nire tutorearekin. Berak animatu nahi izan ninduen unibertsitatean gelditzera. Baina erabaki nuen Madrilera joatea, dantzan jarraitzera. Carmen Rocheren eskolan sartu nintzen.

Nolakoak izan ziren urte haiek?

Sei urte eman nituen Carmen Rocheren eskolan. Lehen urteak nahiko gogorrak izan ziren, etxetik kanpo egoteaz gainera, diziplina zorrotza eskatzen zutelako dantza ikasketek. Hala ere, asko ikasi nuen, eta heldutasuna lortzeko modu azkarra izan zen.

Carmen Rochek bere eskolan irakasle izateko hautatu ninduen. Bere doktrina eta metodologiak ikasi behar izan nituen. Hurrengo hiruzpalau urteetan, Carmen Rocheren ballet konpainiako kide eta haren eskolako irakasle izan nintzen.

Nolakoa izan zen esperientzia, haurrekin?

Oso-oso berezia, arlo pertsonalean, baina profesionalean ere bai. Diziplina irakatsi behar nien, baina ondo pasa zezaten bermatuz, era berean. Ni nahiko lotsatia nintzen, berez, eta eboluzio handia eduki nuen orduan. Gaur egun haur horiek non dauden ikusita, harro sentitzen naiz egindako lanarekin.

Madrildik New York-era.

Udara batean New York-eko koreografo bat ezagutu nuen Madrilen. Bere ikastaroan parte hartu nuen, eta New York-era joatera animatu ninduen. Bi hilabeterako joan nintzen, baina hortik aurrera, Madril eta New York artean bizi izan naiz. Azkenean Madrilgoa utzi eta New York-en instalatu nintzen.

Nolakoa izan da zure bizitza New York-en?

Ikasle bisa batekin hasi nintzen. Beka bat izan nuen diru-iturri, artista bisa atera ahal izan nuen arte. Dantza eskolak ematen hasi nintzen, house, hip-hop eta beste estilo batzuetan. Asko hazi nintzen dantzari gisa.

Nabarmendu nahi nuke bertan ez zaituztela epaitzen jatorriagatik, itxuragatik, fisikoagatik edo dena delakoagatik. Mundu osoko lagunak ditut New York-en.

Saltsan ere hasi zinen, bertan.

Bai, eta aurkikuntza handia izan zen. Ez nuen sekula pentsatu saltsa dantzatuko nuenik. Hobby gisa hasi nintzen, eta konpainia batean amaitu nuen, burugogorkeriagatik eta esfortzuagatik. Saltsaren munduan teknika eduki behar da, baina batez ere, nortasun handia. Ni askoz irekiagoa naiz orain, artista gisa.

Bueltatzeko asmorik al duzu?

Momentu honetan trantsizio une batean nago nire bizitzan. Fernando Lazaro koreografoak Madrilen produkzio bat egiteko kontratua eskaini dit, eta horixe egingo dut orain. Produkzio pedagogikoa da, oso interesgarria.

Orain Madril-Irun artean ibiliko naiz. New York-etik Irunera itzultzea kontraste handiegia litzateke, beraz, uste dut oreka topatzeko modu egokia izan daitekeela. Etorkizunean, gustatuko litzaidake hemen eskola bat irekitzea, urtetan lortu dudan ezagutza guztia zabaltzeko.