bidasoamedia bidasoamedia

Sasetaren heriotzaren 80.urteurrena gogoratuko dute

Memoria

80 urte beteko dira ostegunean, frankistek Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandante hondarribiarra hil zutenetik. Hori dela eta, bi omenaldi antolatu dituzte Hondarribiko kanposantuan, 2008tik haren gorpuzkiak gordetzen diren tokian. Eguerdian, 12:00etan, Sasetaren Aldeko Taldeak lore eskaintza egingo du bere hilobian. Eta arratsaldean, 17:00etan, ekitaldi instituzionala iragarrita dago; besteak beste, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek parte hartuko dute.

2008an aurkitu zuten gorpua

Tiroz hil zuten Saseta Asturiasko Areces herrian, 1937 urteko otsailaren 23an, bere aginduetara zeuden 80 gudariekin batera. Hamarkadetan desagertuta egon ziren haien gorpuak. 2008An, ordea, Sasetaren Aldeko taldeak ikerketa martxan jarri zuen, eta lekukoen adierazpenetan oinarrituta, hilotz bat aurkitu zuten. Aranzadi elkarteak baieztatu zuen gorpua Sasetarena zela. Hondarribian gorpuzkiei lurra eman zieten, eta urte hartako apirilaren 26an, Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten.