bidasoamedia bidasoamedia

Sasiarkazia espezie inbaditzailea ikertuko dute Loidi bekaren irabazleek

euskara

Sasiarkazia espezie inbaditzailearen eraginak ikertuko dituen proiektuak jasoko du 2016ko Jose Antonio Loidi Beka. Behe Bidasoa eskualdeko lursailak ikertuko dituzte irabazleek, espezie inbaditzaileak izan duen eragina ezagutzeko helburuarekin. Jose Antonio Loidi bekaren 13. edizioa da honakoa, eta guztira, hiru proiektu aurkeztu dira lehiaketara.

Nerea Amaia eta Maddi Mujika dira proiektu honen bultzatzaileak eta ikerketaren proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dituzte. Euskara arloak 12 hilabeteko iraupena izango duen bekarekin eta 9.000 eurorekin sarituko du proiektu irabazlea.

Behe Bidasoa eskualdeko hiru partzelatan burutuko da ikerketa lana. Oraingoz bi partzela lokalizatu dituzte soilik eta biak udal partzelak dira. Lehenengoa Siutz eskolaren gainean kokaturik dago eta bigarrena, berriz, Erain ikastetxearen alboan. Hirugarren partzela zehaztu gabe dago oraindik, baldintzak beteko dituen lursail baten bila dabiltzalako ikertzaileak.

1999an sorturiko Jose Antonio Loidi bekaren 13. edizioa izan da honakoa. 2016ko deialdira hiru proiektu aurkeztu ziren guztira. Hautagaien artean, ordea, Nerea Amaia eta Maddi Mujikaren proiektuak arreta deitu du. Eskuartean duten ikerketa bultzatzeko erabiliko dute bergararrek Irungo Udaleko Euskara arloak eskainiriko saria.