bidasoamedia bidasoamedia

Sei plaza eskaini ditu Irungo Udalak, HAZ bulegoan lan egiteko

Lan mundua

HAZ bulegoko informazio eta tramitazio agenteen sei plaza huts betetzeko deialdia egin du Irungo Udalak. Izen-ematea zabalik dago, urtarrilaren 30era arte. Sei plaza horietatik bost, enplegu deialdi publikoaren bidez beteko dira. Seigarrena, berriz, barne promozioaren bidez. Dena den, barne promozioan deitutako plaza eman gabe geldituko balitz, deialdi publikora pasako litzateke.

HAZeko informazio eta tramitazio agenteen postuak dira, administrazio bereziko teknikari laguntzaileenak. Batxilergoko titulua, teknikoa edo baliokidea eskatzen dute, hautaketan parte hartzeko. Gainera, derrigorrezkoa da euskarako 3.hizkuntza eskakizuna edukitzea.

Parte hartzeko jarraibideak

Eskari orriak HAZen bertan ematen duten eredu ofiziala erabilita aurkeztu beharko dira. Bestela, www.irun.org web gunean, edo S@C administrazio elektronikoaren atarian ere eskura daiteke formularioa. 010/943505152 telefono zenbakietara deitzea ere badago. Eskari-orria aurkez daiteke: HAZen, Irungo Udaletxeko Erregistroan, SAC 24 egoitza elektronikoan, posta bidez ( Irungo Udala, San Juan Harria plaza 1 zenbakia) edo Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako edo Estatuko Administrazio Orokorretan.