bidasoamedia bidasoamedia

Sektoreko erreferentzia da Bioterra

ekologia

Bioterraren hamahirugarren edizioa ekainaren 3tik 5era egingo dute, Ficoba erakustazokan. Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da. Ficobak aurreratu du, dagoeneko espazioaren %90 saldu dutela, eta hortaz, iaz bezala erakustazokako hiru pabiloiak erabiliko dituztela. Sektore ekologikoan azoka erreferentea dela baieztatu du Monica Alday zuzendariak: ‘Sektorearen hazkundea nabari da Bioterran’.

Espazio aldetik handitzen jarraitzeko mugak dituenez, modu kualitatiboan hobetzeko helburua du Bioterrak, adituak eta puntako eragileak erakarriz. Esate baterako, Gipuzkoako eta Nafarroako Euskal Arkitektoen Elkartearekin ariko da elkarlanean. Elkarte hori bizi kalitatea hobetu eta kaltegarriak ez diren hirigintza eta arkitekturako praktiken inguruan sentsibilizatzeko lanean ari da.

Kosmetikak ere lekua izango du

Kosmetika ere landuko dute aurten Bioterra azokan. BioBeauty Guneak kosmetika ekologikoaren inguruko zalantzak argituko ditu. Kosmetika kontsumo iraunkorraren berri emango du, besteak beste. ‘Ez ditugu osasuna eta elikadura alde batera utziko, edertasunarekin estu lotuta daudelako’, adierazi du BioBeautyko Lorena Aviñonek. Horrez gainera hitzaldiak emango dituzte.