bidasoamedia bidasoamedia

Telmo Iridoyren erakusketa ikus daiteke Martindozenean

kultura

Eskualdeko hiru sortzaile gazteren lanak ikusi ahal izango dira hurrengo hilabeteetan Irungo Martindozenea gaztelekuan, Gazteartean programaren baitan. Telmo Iridoy hondarribiarraren lanak daude orain, eta Andrea Scargot eta Miriam Loidi artistek jarriko dituzte erakusketak, ondoren.

Telmo Iridoy Amunarriz diseinatzaile grafiko eta artista hondarribiarra Galizia eta Euskal Herriaren artean bizi da, eta eskualdean dagoela probestu du Irungo Udalak, erakusketa antolatzeko. Apirilak 12 honetan estreinatuko dute "Unibertsoa nere eskuetan" izeneko erakusketa, eta maiatzaren 19ra arte ikus daiteke Martindozenea Gaztelekuan, asteartetik larunbatera, arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 21:00etara.

Xilografia teknika baliatuz (linoleoan eskulpitutako negatiboa tindatuz egindako ilustrazioak) unibertsoa eta espazioaren kontzeptuak lotzen dituen bederatzi obra aurkeztu ditu. Denak 2016ko azaroa eta 2017ko apirila artean egindako lanak dira. Iridoyk azaldu du gustuko duen gaia dela. Aurreko edizioetan bezala, Telmo Iridoyk tailer bat ere emango du. Apirilaren 19an izango da 17:30etik 19:30era, eta zortzi lagunentzako lekua dago, dohainik. Gaztelekuan izena eman beharra dago.