bidasoamedia bidasoamedia

Turismo berdea eskainiko du Irunek Aste Santurako

Turismoa

Aste Santuko oporrei begira Irungo Udalak egingo duen eskaintzaren berri eman du. Turismo berdearen aldeko apustua egin dutela baieztatu du Miguel Angel Paez Garapen Iraunkorreko ordezkariak: “Natura espazioa gure lurraldeko aberastasun iturri izatea nahi dugu”.

Alde batetik, Erlaitzen dagoen Lapurriturri informazio puntua irekiko dute datorren ostegunean, martxoaren 24an. Lau egunez edukiko dute zabalik. Irun Berdea triptikoa banatuko dute bertan, lau ibilbide proposatuz: Endarako basoa, Mehatzeak eta Gerrak, Meakako natura ingurua eta Hozkailuak eta mehatze putzuak. Triptiko horretan bertan, beste zenbait punturi buruzko informazioa ematen dute.

Tren berdea eta Oiasso Museoa

Irungo interesguneak ezagutzeko tren berdea ere martxan jarriko dute, martxoaren 24tik 27ra, eta apirilaren 3an. Gainera, Santa Elena ermitako nekropolia eta Oiasso Erromatar Museoa bisitatzeko gonbidapena ere luzatu du Irungo Udalak. Oiasso Museoak eskaintza berezia prestatu du Aste Santurako. Umeentzako tailerrak egingo dituzte, alde batetik. Bestetik, Comète sareari buruzko erakusketa ikus daiteke datozen asteetan museoan.