bidasoamedia bidasoamedia

Txalupak proiektua sortu dute Hondarribian, bertako produktuak ezagutarazteko

ekonomia

Hondarribia Abian Enplegu eta Garapen Ekonomikorako Planaren baitan, ‘Txalupak’ izeneko proiektua sortu dute Hondarribian. Kunsthal diseinu eskolako ikasle talde baten lana izan da, eta bertako produktuaren balioa azpimarratzea eta Hondarribiko lehen sektoreari bultzada ematea ditu helburu. Lotura sortu nahi du nekazaritza munduaren eta gainerako herritarren artean.

Kunsthal eskolako ikasleek egindako lana azpimarratu du Juan Luis Silanes Nekazaritza, Ingurumen eta Agenda 21 arloetako zinegotziak: “Hondarribirako proiektu bat irudikatzeko proposatu genien, eta horretarako gaur egun erabiltzen ez diren txalupetan oinarritzeko, lehenengo sektorearekin lotuta, bertako produktuaren kontsumitzailea izan daitekeen biztanleari zuzenduta”. Txalupa itsasoaren adierazgarria da, eta kalabaza, lehorreko produktuarena.

Hortaz, txalupa eta kalabaza dira protagonista, aurrera eramango diren ekintzen oinarri. Hiriko leku estrategikoetan jarriko dira, jende asko ibiltzen den tokietan. Jendeari harridura sortzea dute helburu, hasunartzeko bide emanez. Bertako produktua balioan jartzeaz gainera, produktua eta nekazaritza mundua agerrarazi nahi dira. Produktua herritarrengana hurbiltzea, eta informazioa ematea produktua eskuratzeko moduei buruz.