bidasoamedia bidasoamedia

Txotx denboraldia hasi da Ola Sagardotegian

Gastronomia

Txotx denboraldi berri bati hasiera eman zion Ola Sagardotegiak urtarrilaren 21ean. Txalapartak, trikitixak eta bertsolariek giroturiko bazkari jendetsuan sagardo ekoizpen berriaren emaitzak dastatzeko aukera izan zuten bertan bildu zirenek. Gainera, urtero bezala, gonbidatu berezia izan zuten, Ketxus Ponce hondarribiarra izan baitzen 2018ko sagardo denboraldia inauguratzeko ohorea eduki zuena.

“Jendeak aurtengo sagardo berria probatzeko gogo handia du”, azaldu du Iñaki Bengoetxea Ola Sagardotegiko jabeak. Beste denboraldietako sagardoarekin alderatuta, aurtengo edariaren kolorea argiagoa da eta, zaporeari dagokionez, gustu leun eta finekoa da. Hilabete batzuetan zehar sagardotegiak ateak itxita eduki dituen arren, bazterretan pilaturiko armiarma-sareak garbitu eta sagardoa kupeletan sartu ostean, txotx denboraldi berriari ekiteko prest daude Olan.

Denboraldi berriaren hasiera ospatzeko antolaturiko ekitaldian, giro ona eta sagardoa nagusi izan ziren. Musikaren, dantzaren eta bertsoen artean sagardozaleek denboraldi berriari harrera egin zioten, urtero legez. Egurrezko mahai luzeen inguruan bilduriko aurpegi ezagunen artean, Ketxus Ponce hondarribiarrak txotx denboraldiari hasiera eman zion. Ola Sagardotegiko 20. txotx eguna izan da aurtengoa.

Sagar kopuru handia bildu dute

Aurtengo sagar bilketak arazoak eragin ditu, ordea, aurreko urteekin alderatuta, sagar kopuru handia lortu baita. Eguraldi ona izan da uzta emankor honetan eragina izan duen faktoreetako bat. Iñaki Bengoetxearen hitzetan baserrietan sagar asko zegoen eta sagastiak sagarrez beteta zeuden. Sagar kopuru izugarri hori biltzea ezinezkoa zenez, sagar batzuk usteltzen ere utzi behar izan dituztela aitortu du sagardotegiko jabeak.

Ondorioz, bilketa prozesua gehiago luzatu da. Lursailaren arabera sagar bilketan makineria erabil daiteke, prozesua azkartzeko. Beste kasu batzuetan, ordea, lur-eremuaren ezaugarriengatik bilketa eskuz burutu beharra dago eta, honek, prozesua luzatzen du, ezinbestean. Iñaki Bengoetxea sagardotegiko jabeak adierazi duenez, bere lurretan 160 tona sagar bildu ditu.

Sagarrak Bengoetxearen lursailetan zein Irun, Hondarribia eta Zarautz inguruan kokaturiko lursailetan biltzen dira. Urtero sagarrak leku berdinetan biltzen dituzte, jatorrizko izendapenak ezarritako mugak betetzeko. Homologazio honen bitartez sagastiak GPS sistemaren bitartez lokalizaturik daude, kalitate kontrol zorrotzak gainditzera beharturik daude, prozesuaren amaieran kalitatezko sagardo bat lortzeko.

Gero eta gehiago dira jatorrizko izendapena lortzen ari diren sagardoak. Iñaki Bengoetxeak onartu du izendapen honek merkatuan lekua irekitzen ari diela, beste edariekin lehiatu ahal izateko. Jendeak konfiantza handiagoarekin irekitzen ditu zigilu honekin izendatuak dauden sagardoak, edariaren garraztasuna mugatzen baitute. Jatorrizko izendapena lortzen duten sagardoek kalitatezkoa eta gustagarria izango den produktu bat ziurtatzen dute.

Gonbidatu berezia

Sagardo berria aurkezteko ospakizunean Ketxus Ponce hondarribiarrak ardura berezi bat izan du aurten, Txotx denboraldia inauguratzea egokitu baitzaio. Ola Sagardotegiko beteranoa da Ketxus, urte askotan zehar sagardotegian laguntzeko prest egon baita, trikitixa eta panderoarekin giro ona sortuz, besteak beste. Omenaldi txiki honen bitartez, arraunaren munduan, Hondarribiko Herri Olinpiaden antolakuntzan eta herriko hitzen bilketan burutu duen lana aitortu nahi izan dio Ola Sagardotegiak.