bidasoamedia bidasoamedia

Udal Etxebizitza Tasatuen ordenantza onartuko dute Irunen

Hirigintza

Otsaileko ohiko udalbatza egingo dute otsailaren 23an, Irungo Udalean. Gai zerrendako hamalau puntuen artean, Udal Etxebizitza Tasatuen ordenantza berria dago. Egungo udal araudia 2008koa da, eta Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariak azaldu du zaharkitua geratu dela. Aldaketak egin ditu gobernu taldeak, Eusko Legebiltzarrak eta Etxebizitza Legeak bultzatuta.

Tasatutako etxebizitzak dira, diru sarreren gehienezko kopurua igarotzeagatik, Babes Ofizialeko Etxebizitzetara jo ezin dutenei zuzendutakoak. Iridoyk argudiatu du udalak tasatutako etxebizitzek, krisiaren eraginez, merkatu librearekin lehiatu behar izan dutela, eta honek “merkatutik kanpo” utzi dituela. Hemendik aurrera, etxebizitza tasatuak ez dira zozketa bidez esleituko. Baremazio bat egingo dute, errenta, familia kideen kopurua eta antzinatasuna kontuan hartuta.

Horrez gain, zenbait baldintza bete beharko dituzte etxebizitza tasatuek: etxebizitzak ohiko bizileku izan beharko dute, eta 90 metro koadro eduki beharko dute, gehienez (120 metro koadrokoak familia ugarientzat). Gehienezko salmenta prezioa Babes Ofizialeko Etxebizitzaren gehienezko prezioarekiko 1,70 izango da, eta alokairuaren kopurua gehienezko salmenta prezioaren %3 (gehienez 623 euro hileko).