bidasoamedia bidasoamedia

Urrian hasiko da Eskola Kirola

hezkuntza

Lehen Hezkuntzako haurren artean, Eskola Kirola da eskolaz kanpoko jarduera zabalduenetako bat. Irungo Udalaren eta hiriko ikastetxeen arteko elkarlanari esker, kirol diziplina ezberdinak probatzeko aukera dute 8 eta 12 urte arteko neska-mutilek. Irungo Udalak bultzatzen dituen kirol programen artean “garrantzitsuena” dela uste du Pedro Alegre Kirola arloko ordezkariak: “Oinarrizko kirola da, hastapenekoa. Irungo etorkizuneko kirolaren zimendua”.

Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko bostehun haur baino gehiago ariko dira Eskola Kirolean. 40 taldetan banatuta egongo dira, eta 30 kirol hezitzaile ariko dira haiekin lanean. Udalak kontratatutako enpresa batek kudeatuko du programa, Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiekin lankidetzan. Bakoitzean Eskola Kiroleko koordinatzaile bat egongo dela aipatu du Pedro Alegrek. Aniztasun funtzionala duten haurren taldeak ere egongo dira,Irungo Udalak Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioekin sinatu duen hitzarmenari esker. Iaz egin zuten lehen esperientzia, eta hogei neska-mutil aritu ziren, talde ezberdinetan.

Urrian hasi eta maiatzera arte, taldekako hiru kirol nagusi egingo dituzte: eskubaloia, saskibaloia eta futbola. Errugbia ere landuko dute, eta bakarkako beste hainbat kirol ere bai: tenisa, pala, pilota, atletismoa, igeriketa etab. Alegrek azaldu du asmoa dela haurrak goizegi espezializatu daitezen saihestea: “Kirol ezberdinak probatu behar dituzte, eta aurrerago izango dute hautatzeko aukera”. Taldekakoetan, elkarbizitzarekin lotutako balioak landuko dituzte. Bakarkakoetan, norberaren burua ezagutzen eta aurkariarekiko errespetua edukitzen ikasiko dute, besteak beste. Kirolarekin harremana duten balioak transmititzeko helburua baitu programak. Hezten duen kirola leloa hautatu dute aurten. “Programa ez da zorrotza errendimenduari edo lehiari dagokionez. Inportanteena da formazioa da”, azpimarratu du Alegrek.

Eskolaz kanpo euskara lantzeko aukera izango da

Eskola Kirola programako jarduera guztiak euskaraz burutuko dituzte. Hori da Irungo Udalaren eta ikastetxeen helburua, eta horretan ahaleginduko dira arduradunak eta monitoreak. “Irungo errealitatean, eskolaz kanpo euskaraz aritzea zaila izaten da askotan”, onartu du Josune Gomezek. Horregatik azpimarratu du programaren garrantzia: “Eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera paregabea da. Gainera, euskara aberasteko bidea eman dezake, hiztegi teknikoarekin, esamolde bereziekin etab.”. Euskararen erabilera txikitatik sustatzeko espazio egokia izan daiteke kirola.