bidasoamedia bidasoamedia

Xixare Baratza Elkartea aurkeztu dute

ekologia

Behe Bidasoan kokatuta dagoen Xixare Baratza Elkartea aurkeztu dute apirilaren 29an Irungo Txokogorri elkartean. Ondorengo helburuak ditu elkarteak: baratze kultura hedatzea, garaian garaiko produktuak modu ekologikoan lantzea eta elikagaiekiko harremana sustatzea. Momentuz, 6.000 metro koadroko lurrak kudeatzen ditu elkarteak.

Taldean kudeatzen dute baratzea, eta txandaka lan egiten dute: “Baratzeko gastuak elkarteko kideen artean ordaintzen ditugu, eta barazkiak eta ardurak denen artean banatzen ditugu”. 42 saski egiten dituzte astean, 90 lagun ingururentzako produktuekin. Saskiko 35 euroko kuota oraintzen dute hilero. Kide berriek, 25 euroko matrikula ere ordaindu behar dute.

Taldekako antolaketa

Hiru taldetan antolatuta daude: Irun, Hondarribia eta Hendaia. Bakoitzak ardura ezberdinak ditu: kuotak biltzea, diruzaintza, ordezkariak hautatzea eta lan txandak antolatzea. Azaldu dute udaberri-uda partean hilean behin lau orduko lan txanda bat egin behar dela saski bakoitzeko. Udazken-negu garaian, aldiz, bi hilabetean behin lau orduko txanda egitearekin aski da. Bilerak hilero egiten dituzte. Saskiak ostiral goizetan osatu eta banatzen dituzte. 14:00etatik aurrera prest egoten dira Amuteko txabolan.