bidasoamedia bidasoamedia

Zabalik dago eskolako materiala erosteko diru-laguntzak eskatzeko epea

hezkuntza

“Erosi eta ikasi” diru-laguntza deialdia zabaldu du aurten ere Irungo Udalak, eskolako materiala Irungo dendetan erostearen truke, familiek babes ekonomikoa izan dezaten. Uztailaren 18tik irailaren 29ra eska daitezke aurtengo diru-laguntzak. “Orain arte onarpen handia izan du programak, eta arloan uste dugu eskolara itzultzeko garaian izaten diren gastuei aurre egiteko laguntza garrantzitsua dela”, azpimarratu du Josune Gómez Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak. 1.500 bat eskaera izan dira urteko, guztira 2.000 neska-mutil ingururentzako materiala erosteko.

Hezkuntza departamentuak gogora ekarri du garrantzitsua dela erosten den materialaren fakturak gordetzea, beharrezkoak izango direlako eskaera prozesurako. Lehen Hezkuntzan eta DBHn ari diren eta Irunen erroldatuta dauden haurren familiei zuzendutako diru-laguntzak dira. Ondorengo materiala erosteko jasoko dituzte: idazteko materialak, suntsikorrak edo ez suntsikorrak, hala nola koadernoak, folioak eta abar, sailkagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, bizkar-zorroak, testu-liburuak eta abar. Ikastetxeetako uniformeak edo Hezkuntza Fisikorako arropa zein oinetakoak, eskulanetako elementuak Arte Hezkuntza, Hezkuntza Plastiko eta Ikusizkorako, Teknologiak edo Musika (argizariak, olioak, margoak, pintzelak).

Bertako kontsumoa dinamizatzea helburu

Bestalde, Miguel Ángel Páez Sustapen Ekonomikoko ordezkariak hau azaldu du, hiriko familiei ematen dien babesaz gainera, beste xede bat ere baduela programak: bertako dendetako kontsumoa dinamizatzea. Diru-laguntza horiek emateko, iaz bezala, hiru tarte egongo dira, eta tarte horiek errentaren araberakoak izango dira; hau da, familiak duen diru-sarreren arabera baliteke norbait deialditik kanpo geratzea. Laguntzaren zati bat kobratu ahal dutenak egongo dira, eta %100 jasoko dutenak ere bai.

Prozedura aurreko urteetako bera izango da, alegia, Irun Txartelarekin, HAZ-SACek eskaintzen dituen bideak erabiliz. Eskaera orriarekin batera fakturak aurkeztu beharko dira, 2017ko ekainaren 23tik irailaren 29ra bitartean egindako gastuak justifikatzeko. Fakturak eskaneatuta entregatu daitezke elektronikoki, udalaren web orrian aurki daitekeen dokumentazio guztiari erantsiz.