bidasoamedia bidasoamedia

Zinemako musikak eskainiko dituzte Ametsa&zinema emankizunean

Irungo Amaia Kultur Zentroan, Ametsa Txiki, Ametsa Gazte, Ametsa eta Betiko Ametsa abesbatzek zinemarako musikaren inguruko emanaldia eskainiko dute ekainaren 17an, Amaia Kultur Zentroan. The Lion King, Phantom of the Opera, West Side Story, The Sound of Music, The Mission, Les Misérables eta zazpigarren artea deitua den zinemako beste hainbat lanetako kantuak abestuko dituzte.

“Ikuslearentzat oso atsegina izango den kontzertua izango da, programa bera anitza delako eta guztion burutan zinemaren historiara lotuta dauden lan eta pelikula ezagunetako musikak direlako”, adierazi dute antolatzaileek. Eneko Amundarainek, Ametsa Gazteko zuzendariak, berarentzat eta abeslarientzat, Ametsa&Zinema bezalako kontzertu bat “oso ohikoa ez den errepertorioa prestatzeko aukera” dela aitortu du. Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteko lau koruek eskainiko duten kontzerturako sarrerak salgai daude Kutxabank-en eta Irungo Turismo Bulegoan.