bidasoamedia bidasoamedia

Zabalik dago Irungo Udal Euskaltegian izena emateko epea

Irailaren 4an ireki dute Irungo Udal Euskaltegian izena emateko epea, eta hilaren 18ra arte egongo da zabalik. Euskaltegian bertan, 943 505 173 telefono zenbakian edo euskaltegi@irun.org web gunean eskura daiteke informazioa. Iaz 35 talde 400 ikasle eduki zituen euskaltegiak, eskaintza osoa kontuan hartuta. 35. urteurrena du aurten Irungo Udal Euskaltegiak.

Sasiarkazia espezie inbaditzailea ikertuko dute Loidi bekaren irabazleek

Sasiarkazia espezie inbaditzailearen eraginak ikertuko dituen proiektuak jasoko du 2016ko Jose Antonio Loidi Beka. Behe Bidasoa eskualdeko lursailak ikertuko dituzte irabazleek, espezie inbaditzaileak izan duen eragina ezagutzeko helburuarekin. Jose Antonio Loidi bekaren 13. edizioa da honakoa, eta guztira, hiru proiektu aurkeztu dira lehiaketara.

Euskararen erabilera sustatzeko bost diru-laguntza eskaini ditu Hondarribiko Udalak

Euskararen presentzia indartzeko bost diru-laguntza lerro eskaini ditu Hondarribiko Udalak 22.700 euroko partida bideratu du udalak, lerroetako jardueraren bat aurrera eramaten duten hondarribiarrentzat. Eskaerak Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ) aurkeztu behar dira, Kale Nagusiko 20.ean. 9:00etatik 13:30era dago zabalik.

Udagiro programa burutuko dute Irunen

Udagiro egitasmoa egingo dute Irunen, uztailaren 5etik aurrera. Irungo Udaleko Euskara arloak antolatu du, hiriko ikastetxeen laguntzarekin. Herri Jakintza euskaltegian egingo dute. Udaran zehar, “aktibitate ludiko eta dibertigarriak” eskainiko dituztela azaldu dute, ikasleek eskoletan euskararen alde egiten duten “ahalegina indartuz”.

Langabeentzako euskara ikastaroak eskainiko ditu Irungo Udal Euskaltegiak udaran

Lannahi langabeentzako euskara ikastaroak antolatu ditu Irungo Udal Euskaltegiak udarako. Doako ikastaroak izango dira, uztailaren 1etik abuztuaren 29ra arte. Irungo edo inguruko herritarrek parte hartu ahal izango dute.

Blagan Eguna egingo dute ekainaren 3an

Blagan Eguna antolatzen ari da Hondarribiko euskara elkartea. Ekainaren 3an izango da, Itxeki euskarari leloarekin. Egun osoko festa izango da, Arrantzale auzoan, 11:00etan hasi eta gauera arte luzatuko dena. 11:00etatik aurrera musika animazioa izango da auzoan eta 12:00etatik aurrera irratsaioa eskainiko dute zuzenean. Herriko esatariek mikroa eskutan dutela, elkarrizketak, musika eta bestelakoak entzungo dira Blagan Egunerako prestaturiko irrati emanaldian.

Euskararen erabilerak gora egin du Irunen

Bi puntuko igoera izan du euskararen erabilerak Irunen, azken ikerketarekin alderatuta. %5,5koa izan zen emaitza 2007an, eta 7,6ra egin du gora orain.Kontuan hartu beharra dago, Eustatek 2011n argitaratutako datuen arabera, irundarren %36 dela euskalduna, eta beste %28 ia-euskalduna. 2016ko abenduan egin dute ikerketa Siadeco enpresako behatzaileek, Irungo Udalaren enkarguz.

Euskararen kale erabilerari buruzko mahai-ingurua egingo dute Hondarribian

Euskararen kale erabilerari buruzko mahai-ingurua antolatu du Blagan Euskara Elkarteak. Maiatzaren 5ean izango da, Kultur Etxean, 19:00etan. Xabier Isasi, EHUko psikologo eta estatistika irakaslea, Mikeldi Zeberio soziologoa eta Maite Berruet euskara teknikari zein Hondarribiko Mintzalaguna egitasmoaren koordinatzaile ohia gonbidatu dituzte hizlari gisa. Ainhara Zuazabeitia kazetariak egingo ditu aurkezle eta moderatzaile lanak. Blaganek dei egin die hondarribiarrei mahai-ingurura hurbildu eta haien kezkak eta iritziak azaldu ditzaten.

Zabalik dago Solas Jolasen izena emateko epea

Martxoaren 17ra arte eman daiteke izena Irungo Solas Jolas programan. HHko 4 eta 5 urtekoentzat, eta LHko lehen mailatik laugarren maila bitartekoentzat da (2007 eta 2012 urteen artean jaiotakoak); LHko bosgarren eta seigarren mailan dauden eta dibertsitate funtzionala duten haurrek ere badute izena emateko aukera, 12 urteko mugarekin.

Eguneroko egoeretan euskaraz aritzeko aukera eskaintzen du Elkarrizketariak programak

Familian edo lagunartean euskaldunik ez duten ikasleentzat, aukera aproposa da Irungo Udalaren Elkarrizketariak programak. Mintzalaguna egitasmoaren aurreko urrats baten modukoa da, seigarren mailatik beherako ikasleei zuzendua. Hilean bi aldiz elkartu izan dira orain arte, baina hilabetean lau saio egingo dituzte hemendik aurrera.