
Zabalik dago eskolako materiala erosteko diru-laguntzak eskatzeko epea
“Erosi eta ikasi” diru-laguntza deialdia zabaldu du aurten ere Irungo Udalak, eskolako materiala Irungo dendetan erostearen truke, familiek babes ekonomikoa izan dezaten. Uztailaren 18tik irailaren 29ra eska daitezke aurtengo diru-laguntzak. “Orain arte onarpen handia izan du programak, eta arloan uste dugu eskolara itzultzeko garaian izaten diren gastuei aurre egiteko laguntza garrantzitsua dela”, azpimarratu du Josune Gómez Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak. 1.500 bat eskaera izan dira urteko, guztira 2.000 neska-mutil ingururentzako materiala erosteko.